lunes, 9 de diciembre de 2013

ARRANTZA POLITIKA BERRIA

Aurten, arrantza politika berria eztabaidatu eta onartu da Europan. Datozen hamar urteetarako sektore hau ordenatu nahi da, eta jarduera hau erregulatu itsasoan eragiten ari den suntsiketari mugak ezartzeko. Emaitza ez da denen gustukoa izan, baina natur kontserbazioaren ahotsa ozen entzun da lehen aldiz, eta gure ustez nahikoak ez badira ere, neurriak hartu dira bide horretan: kupoak berraztertu dira, arrain-bazterketak debekatu, arrainen komertzializazio-arauak eta moduak ezbaian jarri dira, ….
Askotan bizkarra emanda bizi bagara ere, euskaldunok kostalde zoragarria daukagu, Itsaso emankorra, eta egun lotsarazten bagaitu ere, arrantza-jarduera garrantzitsua izan da gure kulturan eta portuetan. Ilusioz bizi izan dugu, beraz, Europako arrantza politika berriaren eztabaida. Ez hainbeste Ondarroa 12 milia ekimenaren proposamenari lotutako emaitzak espero genituelako, baizik eta arrantzaren kudeaketa aldatzearen aldeko haizeak datozela sumatzen dugulako.
Politika berriak guztiz jasotzen ez baditu ere, arrantzaren kudeaketa-eredua aldatzeko gure proposamenak lau ardatz nagusi ditu:
1. Arrantza-politiken publikotasuna eta gardentasuna. Arrantza-saila armadoreen eta kofradien ordezkariek osatutako koadrila da gurean, eta ondorioz, gardentasuna ametsa da arlo horretan. Natur ondare publikoaren harrapaketan oinarritzen den jarduera hori interes pribatuen baitan kudeatzen da, herritarren parte-hartze eta kontrolik gabe diseinatutako politikekin. Hau aldatu beharra dago. Gure ustez, arrantzak kudeatzaile publikoen esku egon beharko luke, esaterako kofradien esku, eta hauek erabaki beharko lukete zer, noiz eta nola arrantzatu araudi orokorren baitan.
2. Arrain harrapaketarako ereduaren aldaketa. Kuotetan oinarritutako eredua daukagu gaur gaurkoz. Kuota hauek “erreklutamendu biomasetan” oinarritzen dira, baina benetako erreklutamendua neurtu gabe. Alegia, arrain gazteen biomasa neurtuta erabakitzen da hurrengo urtean zenbat arrain harrapatuko den, baina harrapaketa horiek gazte ziren haiek heldu aurretik egiten dira, gazte horiei arrautzak jartzeko aukera eman aurretik, askotan. Arrainen bizi-zikloa kontuan hartu gabe horrelako irizpideak erabiltzea astakeria hutsa da, ezbairik gabe. Bestalde, kuota hauek banatzerakoan ez dira arrantza-tresnak kontuan hartzen, eta hau ere larria da. Izan ere, dauzkagun baliabideen ondorioz arrantza-gaitasuna handiegia da dagoen arrain kopuruarekiko, eta tresna guztien erabilerak ez dauka eragin bera itsasoan. Gure ustez, arrantza-tresna sostengarriak erabiltzen dituztenek lehentasuna izan behar lukete kuota hauen banaketan.
3. Arrantzatutako arrainaren trazabilitatea. Erosleak eskubidea izan behar luke erosten duen arrainari buruzko informazio guztia jasotzeko: non arrantzatua izan den, noiz, nork, tresna jasangarriekin edo ez, zenbat bitartekarirengandik pasa den dendara iritsi bitartean, bitartekari horien guztien irabazi-tartea zenbatekoa izan den etabar. Horrek aukera emango lioke erosleari hainbat irizpideren baitan egiteko erosketak, eta natur kontserbazioaren aldekoak arrantza jasangarriaren aldeko sentsibilitate-lan esanguratsuagoa egin ahalko genuke.
4. Arlo soziala. Arrantza-jarduera ez da erakargarria gure gazteentzat. Luze joko luke gai hau aztertzeak, baina begi bistakoa da portuetan lanean ari den atzerritarren kopuru handia. Bi kontu daude, gutxienez, sakon aztertu beharrekoak duten garrantziarengatik. Arrantzaleen lan baldintzak. Arrantza-lanbidea ez dago sektoreko hitzarmenen logikaren bidez araututa. Arrantzaleek harrapaketarekiko soldata proportzionala kobratzen dute. Ondorioz, arrantzaleak arraina harrapatzen jarri behar du gogo guztia, bestelako eraginetan, baldintzetan edo ondorioetan pentsatu gabe. Harrapaketa hutsa, mugarik eta eskrupulorik gabe. Honek, noski, ez du lege-hausteen aurkako jarreran laguntzen. Gurean ez ezik, urruneko itsasoan gero eta ezagunagoak dira euskal itsasontzien barrabaskeriak. Piratak bihurtu dira gure arrantzaleak. Aurten bertan Bermeoko itsasontzi bat Senegaleko babestutako uretan harrapatuta gelditu da. Arrantzan ari zenaren susmoa gainditu ezinik dabiltza. Eusko Jaurlaritzak bere laguntza oso eskaini die. Nolako laguntza? Zertan ari ziren han? Galdetzeak ere beldurra ematen du.
Berriki Espainiako Gobernuak itsas GKL-ak (Garrantzia Komunitarioko Lekuak) izendatzeko zerrendak osatzeko prozesua abian jarri duela jakin dugu. Prozesu honen berririk ez dugu jaso inorengandik. Zein da Eusko Jaurlaritzaren kontserbazio-estrategia itsasoan? Zer diote Azti-Tecnalia bezalako ikerketa zentroko ikerlariek? Eta sektoreko gainerako interesatuek? Zergatik ez da egiten natur kontserbazioaren aldekoen ahotsa entzuteko ahaleginik?
Ezagutzen gaituzte, eta behin baino gehiagotan esan dugu gure itsasoan babestutako eremuak izendatzea izan daitekeela garai bateko kalak berreskuratzeko aukerarik onena. Bide honetatik baino ez ditugu berreskuratuko kalak, eta ondorioz, eguneko arrantza. Iraganeko arrantza-molde hau berreskuratu ezean, piratak bihurtzera kondenatuta daude gure arrantzaleak. Urruneko itsasoetan, oraingoz gurean baino emankorragoak diren uretan, barrabaskeriak egiten jarraituko dute. Paradoxa galanta hauxe: gure urak arrainez agortu dituztelako urrutira doazen itsasontzietan, han urrutiko arrantzaleak ari dira lanean; euren herrietakoetan baino lan-baldintza hobeak dituztelako hemendik doazen itsasontzietan. Ez da zilegi, ez guretzat eta ezta haientzat ere.
Zorionez, dena ez da hain beltza. Europako 50 erakunde baino gehiago ordezkatzen dituzten 1000 arrantzaletik gora LIFE proiektuan elkartu dira. Arrantza-tresna selektiboak eta jasangarriak erabiltzen dituzten kostaldeko arrantzaleak dira, arrainaren tamaina tentuz zaintzen dutenak. Dagoeneko Maria Damanaki arrantzarako europar komisarioaren onespena jaso dute, haizea beraz, norabide berrian.
Hamaika aldiz salatu dugun arren, gurean arrantza-politika eta bere kudeaketa, iluna eta ulertezina da etorkizuna opa diogunontzat. Beranduegi izan baino lehen, zentzuz jokatzen hasiko al dira gure ordezkariak.


Ondarroa 12 milia
Aitziber Sarobe Egiguren

No hay comentarios:

Publicar un comentario