lunes, 1 de julio de 2013

Itsasora begira

 Argazkia iturria Jesus Herce  (http://jesusherce.blogspot.com.es/) 

Aitziber Sarobe

Biologoa

Inoiz nire ingurukoren bati entzun izan diot bere ezina adierazteko «itsasora ur bila joan eta agortu». Gurean itsasoa amaitzen ez den eremu zabal eta aberatsa den uste okerra oso zabaldua dagoelakoan nago. Ura agortu ez da egingo, baina bertako bioaniztasuna? Kalte egiten ari gatzaizkionik ezin ukatu.

Ezezaguna zaigun eremu horri apenas jartzen diogun arretarik, ezta kostaldean bizi garenok ere. Herri eta hirietako saneamendu-sareak osatu dituztenetik, hondartzetako kutsadura ez da hizpide, eta, beraz, udatiarrek ez dute olatuetatik haratago luzatzen bista. Baina kutsadura ez zen eta ez da itsasoko bioaniztasunari kalte egiten ari zaion eragile bakarra. Egun, Europako uretan dauden kalen gehiengoa gainustiatuta dago. Alegia, arrainen jaiotze lekuak kinka larrian jartzen ari gara. Gaizki antolatutako flotak eragindako eskrupulurik gabeko ustiapenaren eraginez, gero eta gehiago dira euren biomasa txikitzen ikusten dituzten arrain populazioak, baita garrantzi komertziala dutenak ere.

Bizkaiko golkoa arrain espezie askorentzat arrautzak jartzeko eta elikatzeko ezinbesteko eremua da. Antxoa, berdela, sardina, txitxarroa eta halako espezieak euren bizi-zikloan hainbat garaitan hurbiltzen dira gure kostaldera. Beste batzuek, legatzak, zapoak, txipiroiak edo oilarrak, gure kostaldeko hondoetan dute euren bizilekua. Adinean aurrera doazen arrantzaleek ondo ezagutzen dituzten hondo horiek dira kala nagusiak. Haiek eguneko arrantza egiten zuten: portutik irten, arraina harrapatu, eta buelta etxera. Gaur, Indiako Ozeanora joateko prestatzen ariko dira hainbat itsasontzi. Gure itsasoko arraina bukatu ondoren, beste itsasoetakoa ahalik azkarren eta gehien arrantzatzera doazen arrantzale eta armadore piratekin lotsa galtzen hasiak gara, inondik ere.

Itsasoari bizkar emanda bizi bagara ere, tartean-tartean buelta emanarazten diguten berriak jasotzen ditugu, harri eta zur gelditzeraino. Motxo izan zen duela urte gutxi, arroketan sareak kateatuta gelditu zen itsasontzia. Lo hartu omen zuen patroiak, eta urruti egonagatik, lurra jo arte ez omen zen inor esnatu. Hori bai, hondoa jo ondoren «erori» omen zitzaizkion sareak itsasontziari. Aurten ez dute arrisku hori hartu atun ontziek. Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek hegalaburraren kuota osoa saldu egin dute; 450.000 kilo atungorri harrapatzeko baimena 5 milioi euroren truke. Negozio ederra alajaina, lanik ez egiteagatik milioitako ordaina. Maiatzean, Greenpeace Kantauri Itsasoan ibili da arrantza-eredu sostengagarriak aldarrikatzeko kanpaina egiten. Azken berriak ez ditu egun asko: ekainaren erdi aldera Getarian 7 tona antxoa baino gehiago kendu dizkiete arrantzaleei, saltzeko txikiegiak zirelako. Antxoa arrantzatzea debekatuta egon da hainbat urtetan, besteak beste, gehiegizko arrantzaren eraginez. Populazioa errekuperatzeko bidean dela, horrelako astakeriak entzuten jarraitu beharra tristea da, benetan.

Berri hauek, beste hainbatekin batera, zerrenda luzea osa dezaketen gertaera negargarriak dira. Itsasoan zigorgabetasuna da nagusi. Ikuskaritza egon badago, baina ezin du, edo ez du bere lana egin nahi. Diru publikoz eraberritutako gure flotak itsasoak eman dezakeen baino gehiago ustiatzeko ahalmena du, eta abiapuntu hori ez da egokiena arrantzaren zentzuzko kudeaketa-eredua bilatzeko. Politikariek, berriz, arrisku eta kalteez ez dute ezer entzun nahi. Kuotak jaso eta administratzea dute obsesioa, arrantza kudeatzeko beste eredurik ez balego bezala. Aurten, hegalaburra ez arrantzatzearen truke jasotako 5 milioiak zer dela- eta banatu dituzte sektorean? Eusko Jaurlaritzako Arrantza Sailak nolatan ez du diru hori bereganatu? Arrantzarako baimenak arrantzaleei ematen zaizkie, noski, baina arraina ez da arrantzaleena. Ondare publikoa da, eta, beraz, ondare publikoaren ordainetan jasotako diruak herritar guztiontzat izan beharko luke, ez arrantzaleentzat bakarrik. Beraz, noren interesak defendatu ditu Eusko Jaurlaritzak, herritar guztionak edo arrantza-kuoten jabeenak? Zer pentsatua eman beharko liguke kontu honek.

Arrainaren komertzializazioa da kezkatzekoa den beste kontu bat. Salneurriak zeren arabera ezartzen diren ez dago ulertzerik. Kontuan har zitezkeen hainbat faktore daude: arrantzatutako biomasa populazioaren biomasarekiko, espezieen arrarotasuna, arrantzaleen kostuak… Zeintzuk dira irizpideak? Non eta nola saltzen da arraina? Lehen bentako prezioak denboran zehar nola aldatzen diren ulertezina da benetan.

Arrain espezieen bizi-zikloak kontuan hartu gabe Europan banatzen diren kuota horietan oinarritzen den ustiaketa-ereduaren ondorioak bistakoak dira. Horri aurre egiteko, Babestutako Itsas Eremuak sortu dira Europan, Natura 2.000 Sarearen barruan. Lehorrean bezala, itsasoan ere natur kontserbaziora bideratutako eremuak izendatu dira. Eremu horiek babesteko eskaera estatuek egin behar dute, gure kasuan Gasteizko Parlamentuak. Ez, irakurle, ez zabiltza oker. Gure ordezkari politikoek aukera hori planteatu ere ez dute egin. Euren ikuspegian ez dira kontu hauek sartzen. Europan babestu diren eremuetan bioaniztasunaren berreskurapena ikusgarria izaten ari dela erakusten dituzten datuak jasotzen ari gara. Hor, ba, gure natur ondarea berreskuratzeko galdu dugun beste aukera bat.

Aurreko larunbatean Unescok Kanadako Red Bay baleen estazioa Munduko Ondarea izendatu zuen. Hiru itsasontzi eta txalupa bat aurkitu ziren XVI. mendeko kokaleku euskaldun horri Red Bay, Basque Whaling Station deituko diote. Lilura sortzen digute kontu hauek; gure arbasoen balentriak mundu osoan ezagutzea harrotzeko modukoa da, nola ez. Baina ahalegin hartan gure armarrietan hain ohikoa den balea bukatu genuen bezala, gaurko arrantzontzi modernoak ezagutzen ditugun arrandegietako arraina bukatzeko bidean doaz.

Itsasoa beti egon da euskaldunon gogoan. Asko daukagu iraganetik ikasteko, eta gehiegi galtzeko, baldin eta erremediorik jartzen ez badiogu. Arrantza eta natur kontserbazioaren arteko oreka bilatu beharrean gaude. Bide horretan, duela urte batzuk elkartu ginen arrantzale eta ekologistak, Ondarroa 12 Milia deitutako ekinbidea adosteko (http://ondarroa12.blogspot.com.es). Agintariei eskatzen diegu arduraz azter dezatela sektorearen egoera eta has daitezela neurri eraginkorrak hartzen iraganean bezala, etorkizunean ere arrantzak euskaldunontzat zentzua izan dezan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario