miércoles, 1 de mayo de 2013

Agur hegalaburraren Eusko Labelari

Gipuzkoako Kofradien Elkarteak hegalaburraren edo atungorriaren kuota Murtziko enpresa multinazional bati saldu dio (zeharka), bost milioi euroren truke. Multinazional horrek hegalaburra loditzen egiten du lan, Mediterraneo itsasoan. EGUZKI talde ekologista erabakiaren kontra dago, erabat.
  Iaz, euskal arrantzaleek kuotaren %70 saldu zuten, eta aurten, dena saldu dute. Horrek esan nahi du aurten Eusko Labela desagertu egingo dela. Eusko Labela berto-bertoko hegalaburra izendatzeko erabili izan da, kalitate onenaren seinaletzat hartu da, Euskal Herriko itsasontziek banan-banan arrantzatzen dituztelako hegalaburrak, sarerik gabe, beti-betiko arrantza-aparailuak erabilita, kanaberarekin (karnata biziarekin) eta kazan. Hortaz, aurten ez da etiketa hori daukan arrainik salduko.
Egia da arrantzaleek diotena, askoz errentagarriagoa da eurentzat daukaten kuota saltzea (450.000 kilo), itsasora ateratzea baino. Baina, itxura denez, ez dira konturatzen erbaki honek arazoa ekarriko diela. Izan ere, Atlantikoko hegalaburraren kontserbaziorako institutuak (ICCAT) kupo gehiagorik ez ematea erabaki ahal du konturatzen denean euskal arrantzaleak ez dabiltzala arrantzatzen dagokien kupoarekin. Konturatu ahal dira ez daukala zentzurik euskal arrantzaleei arrantzan egiten uztea ez badoaz arrantzatzera.
   Ekologistak garen partetik, gure arrantzaleei emandako kuotak mantentzea eskatzen dugu. Bestalde, adierazi nahi dugu kuotak oso gaizki banatuta daudela. Kuota horiek zabaldu egin behar dira, arrantza-tokia leheneratzen bada. Oso kontuan hartu behar da gure arrantzaleek arte artisauak erabiltzen dituztela, eta enpresa multinazionalek, aldiz, triskantzak egiten dituzte. Enpresa horiek dira hegalaburra desagertzeko bidean ipini dutenak.
   Bestalde, ikustekoa litzateke enpresa multinazional horrek kupoa eskuratzean ez ote duen legea hautsi, estatuaren buletin ofizialaren 6.4 artikuluaren arabera 2001ko martxoaren 26an onartutako 2001/3 legearen 28.1.d) artikuluak zera dioelako: enpresa batek edo enpresa talde batek kuotaren %30 baino handiagoa ezin duela pilatu.
   Eguzkik uste du arazoaren sustraira jo behar dela, eta irtenbidea topa hainbat gaitan: gasolioaren kostu altua, lonjan ordaintzen den diru kopuru baxua, arrantzuan dagoen kontrol gabezia, arrantza arduratsua eta jasangarria izatea, artisau-arrantza aparailuen bidezkoa,….
    Bada garaia administrazioak gai honi ganoraz kolpe egin diezaion. Ez du balio txaplatak ipintzea. Txaplata horiekin denona den ondasuna pribatizatu edo saldu besterik ez da egiten, eta horrek ez dio bat ere mesederik egiten gure elikadura-burujabetzari. Etorkizunerako baliogarriak izango diren alternatibak jarri behar ditu mahai gainean, behingoz, Ondarroa 12 mila Deialdiak egin duen modura, esate baterako. Ezer egin barik jarraitzeak ostrukaren politikarekin jarraitzea esan nahi du.

                                   
 
--

No hay comentarios:

Publicar un comentario