viernes, 12 de abril de 2013

Arrantzak gerorik izango badu itsasoko ekosistemak zaintzetik etorriko da

Iturria:GAUR8

 Azken hamarkadetako arrantza politikak ezbaian utzi du arrantzaren biziraupena bera ere. Gainarrantza itsasoko baliabideak agortzen ari da eta belaunaldi berriek ez dute euren etorkizuna arrantzan ikusten. Irtenbidea kostaldetik gertueneko gunea eremu babestu izendatzetik etor daitekeela uste du Ondarroa 12 milia plataformak.

Urrun geratu da arrantza artisau erara egiten zeneko garaia, egunekoa egunean bertan arrantzatu eta saltzen zeneko garaia. Gaur, armadore handi batean aritzen ez denak edo gainarrantza eredu ez duenak nekez aterako dio etekinik itsasoari eta horrek ondorio nabariak ditu: azken hamarkadetan zenbait arrain espezie desagertu egin dira, ontziek geroz eta urrunago joan behar dute arrantzatzera, eta, ondorioz, gazteek ez dute euren etorkizuna itsasoan ikusten.
Errealitate hori gertutik ezagutzen du Leo Belaustegi mutrikuarrak. Itsasoan eman dituen 30 urteetan dozena bat espezieren desagerpena gertutik ezagutu du Ondarroa 12 milia plataformako eta LAB Arrantzako arduradunak:«Itsasoari egin dioguna izugarria da. Bisigua, katuarraina, papardoa eta lamotea, adibidez, desagertu egin dira gure kostaldetik, eta, gainera, beste zenbait espezie, antxoa, txitxarroa edo berdela adibidez, hilzorian edo egoera oso txarrean daude».


Ekosistemen galeraren atzean kudeaketa arduratsurik egin ez izana dagoela uste du Belaustegik, eta, hala, egun sektoreak bizi duen gainbeheraren oinarriak orain 50 urte jarri zirela dio. Zehazki, 1936ko Gerran jarri du mugarria. Ordura arte arrantza artisau erara egiten zela azaldu du, hau da, tresneria industriala oraindik sortu gabe zegoenez, kostaldetik gertu eta nagusiki eskuz harrapatzen zen arraina (beste kontu bat da atunontziena eta Ternuarako bidaiena). Horrek, nolabait, itsasotik ateratzen zen arrainaren eta bertan geratzen zenaren arteko oreka ahalbidetzen zuen. «Gerra hura amaitu eta Europakoa etorri zen, eta, historialariek esaten dutenez, hark ganadua eta harekin batera proteina guztiak hil zituen, eta gizarteak itsasoan ikusi zuen horren beharrezkoak zituen proteinak lortzeko modua», azaldu du. Hala, urtetan zehar Euskal Herrian horren estimu handian ditugun antxoa eta bisigua gisako hainbat espezie inolako kontrolik gabe ateratzen jardun zuten arrantzaleek, eta, jada 60ko hamarkadan, Franco diktadorearen aginduz «arrantza flota indartzeko xedearekin» arlo honetarako garapen plana prestatu zuten. Belaustegiren hitzetan, neurri horien ondorioz etorri zen, 70eko hamarkadan, arrantzaren booma: Euskal Herriko portu guztiak itsasontziz bete ziren, ontziolak biderkatu egin ziren... Hala, hamarkada hartan, bizimodua arrantzatik ateratzen zuten mila ontzi baino gehiago zeuden eta 15.000 arrantzale inguru aritzen ziren beharrean Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldean. Gainera, arrantzale bakoitzeko beste hiru langile zeudela kalkulatzen da, ontzigileak, kontserbategietako langileak, teknikariak eta gainerako profesionalak aintzat hartuta. Sektoreak, beraz, indar handia zuen eta familia askori ematen zien jaten.
Apurka-apurka, arrantzaren inguruko industria ere hazten joan zen Kantauriko kostaldean, eta, horren karira, lehen legediak sortzen hasi ziren: hamarkada hartakoa da, esaterako, kostatik gertuen dauden 200 miliak estatuen esku uzten dituen legedia. Izan ere, arrantzan negozioa zegoela ikusita –eta teknologian izandako aurrerapenak baliatuz– Europako herrialde indartsuenak arraina harrapatzera edonora joaten hasi ziren, eta, batez ere Hego Amerika eta Afrikako hainbat estatuk, itsasoari mugak ipintzeko beharra ikusi zuten. Hala, kostaldetik gertuen zeuden 200 miliak estatu bakoitzaren eskumena izatera pasa ziren, bai bertako arrainari zegokionez, bai, bide batez, petrolioa eta gainerako aberastasunei zegokienean ere.
Europan 1977an ezarri zen lege horrek ekarri zituen sektoreko lehen egiazko mugak, baina aldaketa handiena 1986an etorri zen, Estatu espainola Europar Batasunean sartu zenean (frantsesa 1957tik zen kide): «Ordura arte arrantza nahi genuen bezala egiten genuen eta Europatik neurri batzuk ezarri zitzaizkigun: itsasontzi kopurua, harrapa genezakeen arrain kopurua, arrain hori nola harrapa genezakeen eta nola ez... Euskal Herriko arrantzarentzat sekulako kolpea izan zen, legeak erabilita flotaren erdia kendu ziguten, kala batzuetara joatea mugatu zen, eta, gutxika-gutxika, portuak ixten eta ontziak saltzen hasi behar izan genuen», oroitu du Belaustegik.
Desoreka itsasoan... eta portuetan
Hurrengo urteak ez ziren hobeak izan. Hala, euskal kostaldean 70eko hamarkadako urte oparoetan 1.400 ontzi eta 15.000 arrantzale izatetik, 2012. urterako 190 ontzi eta 1.800 arrantzale soilik izatera igaro gara. Gainera, azken 40 urteotan zehar egin den gainarrantzaren poderioz hainbat arrain espezie, euskal gastronomian horren preziatu den bisigua tarteko, desagertu egin dira euskal kostaldetik eta beste asko desagertze arrisku larrian daude edo egon dira (antxoaren kasuan, desagertzea ekiditeko 2005 eta 2010 artean espezie horren arrantza debekatzeko erabakia hartu beharra izan zen).
Egun itsasoan zein portuetan bizi den egoera ez da erraza eta Belaustegik argi du desoreka horren arrazoia urteetan zehar indarrean egon den arrantza politika aintzat hartuta soilik uler daitekeela.
Aipatzekoa da Europak hamar urtetik behin aurkezten duela arrantza-politika bateratuetarako plangintza eta horren arabera zehazten dela hurrengo hamarkadan zenbat arrain harrapa daitekeen, nork harrapa dezaken, zer epetan, zer espezie eta zer eratan. Belaustegiren hitzetan, onartzen diren politikak betearaztean dago gakoa, «legeak ipini bai baina gero ez direlako betearazteko neurriak hartzen. Eta ez dira bete, noski. Azken hamarkadan –jarraitu du– Europan parlamentario ekologista asko sartu da eta horiek konturatzen dira ezer egiten ez badugu epe motzean espezie askoren desagerpena etor daitekeela. Datuak eta informeak ere aurkeztu dituzte, zerbait egin behar dugula agerian utziz». Datu horien arabera, Atlantikoko uretan ikertuta dauden espezien %49 daude gainarrantzatuta. Mediterraneoan, kopuru hori %90ekoa da.
Gainarrantzaren atzean batez ere interes ekonomikoak daudela dio mutrikuarrak –«diru asko irabazteko, asko arrantzatu behar»–, eta gizartearen elikadura ohiturek ere badutela eragina azaldu du, horietatik eratortzen baitira arrantza-bazterkinak: «Gizartea espezie zehatz batzuk jaten dago ohituta: legatza, zapoa, oilarra, atuna, antxoa... Aldiz, horiek harrapatzerakoan beste espezie batzuk ere harrapatzen dira, denak elkarrekin ibiltzen direlako. Orduan, espezie batzuk hartu eta besteak baztertu egiten dira». “Baztertu” esaten duenean, interesatzen ez den arraina, hilik, berriro uretara botatzen dela esan nahi du.
Arrantza-bazterkinen afera
Europak urteak daramatza bazterkinen kontuarekin arduratuta. Sarekada batean harrapatzen den arrainaren %23 “baztertzen” dela kalkulatu izan dute. Batetik, portuetara eramanda ere ez dutelako merkaturatzea lortzen, eta, bestetik, urteko harrapaketa-kopuruek bigarren mailako ondorioak dakartzatelako:«Adibidez, Espainiak urteko 15.000 tona legatz harrapa baditzake eta urrirako kupoa beteta badu, ezin du arrain hori porturatu. Eta bota egiten dute».
Egoerari bueltaka, Europako Parlamentuak arrantza politikaren gaineko txosten edo Liburu Berdea kaleratu zuen 2009an. Haren arabera, kalen egoera larria da eta derrigor neurriak hartu behar dira. Besteren artean, «ur komunitarioen %88 gehiegizko errendimendu jasangarriaren gainetik» ustiatzen ari direla aitortzen du, hau da, arrainek ugaltzeko duten gaitasunen gainetik ari dela arrantzatzen; horrek, ezinbestean, populazioaren gutxitzea dakar.
Txostena lantzen hiru urtez ibili ostean, pasa den hilabetean zehaztu zen nolakoa izango den 2013 eta 2023 arteko arrantza politika europarra. Bi hitzetan esanda, txostenak arrantza orekatua lortzeko lehen pausoak markatzen dituela uste dute Ondarroa 12 miliako kideek.
«Arrantza politikak nondik nora joan behar duen zehazteko doktrina bat da. Azken hamarkadetan, itsasoko espezieak zein egoeratan zeuden ikusteko hainbat ikerketa egin dira, gero txosten horiek Bruselara bidali dira eta espero da horien arabera zehaztuko dela zenbat arrain harrapa daitekeen orokorrean eta zein den estatu bakoitzak harrapa dezakeen kopurua. Gertatzen dena da –jarraitu du Belaustegik–, biologoek maiz azaldu izan dutela espezie askoren egoera txarra dela eta ezinbestekoa dela neurri gogorrak hartzea, baina, aldiz, Europako ministroen kontseiluak [organo hori estatu bakoitzeko arrantza ministroek osatzen dute] interes ekonomiko zein politikoen arabera jokatu izan du, eta biologoek emandako iritzirik sekula ez du kontuan hartu». Azken hamarkadan, esaterako, txosten teknikoak zehazten zuen kopurua baino %30 gehiago arrantza zitekeela adostu zuten.
Haize berria Europatik
Erabaki horiek hartzeko, ingurugiro teknikariek defendatutako neurriak ezarriko balira itsasontzi asko desagertu eta lanpostuak galduko liratekeela argudiatu izan dute estatuek, eta, hala, epe motzeko jarduerak bultzatu izan dituzte. Ondarroa 12 miliako kideen hitzetan, orain onartu berri den arrantza politikarekin Europak, lehen aldiz, epe luzerako planteamendua jartzen du mahai gainean eta hori izango da, plataformako kideen hitzetan, «aldaketa garrantzitsua» ekarriko duena. Zehazki, Europar Batasunak gehienezko errendimendu jasangarria aintzat hartu behar dela eta 2015erako estatu bakoitzak neurri jakin batzuk hartu beharko dituela zehazten du. Aipatu urterako arrain espezie bakoitzaren egoeraren araberako neurriak hartu behar direla dio eta 2020. urtera bitartean aplikatu beharko direla neurri horiek, espezieen berreskurapena ziurtatzeko. Aldi berean, arrantza-bazterkinen aukera bertan behera geratzen da, hau da, harrapatzen den guztia porturatu beharko da. «Horrekin –nabarmendu du Belaustegik–, suposatzen da itsasoa berriro ere arrainez beteko dela».
Irizpide aldaketa dirudien honen atzean erabaki organoaren aldaketa soilik dagoela azaldu du Belaustegik. Labur esanda, lehen arrantza politiken gaineko azken erabakia ministroen kontseiluaren esku geratzen zen (hau da, estatu bakoitzeko arrantza ministroen esku), eta, orain, erabaki hauek Parlamentuak berak hartzen ditu eta ministroen kontseiluak horiek nola aplikatu soilik erabakitzen du. Aldaketa horren aurrean baikor agertu da Belaustegi: «Parlamentua arrantza politikek nolakoak izan beharko luketen hausnartzen hasi dela ikusita, pentsatzen dugu gauzak aldatzen hasiko direla».
Arrantzaren egoera iraultzen
Sektoreak bizi duen egoera «benetan gogorra» dela dio Belaustegik, eta, zentzu horretan, egoerari buelta eman nahi bazaio hurrengo urteetan neurri horiek «eta askoz gehiago» hartzea ezinbestekoa izango dela ziurtatu du, «konpontzeko asko» dagoelako. Batetik, arrantzaleek arrain bila geroz eta urrutirago joan behar izaten dutela nabarmendu du: «Gerra aurretik gertuko arrantza, egunerokoa egiten zen, baina teknologia garatu eta izozkailuak eta abar agertzen joan ziren neurrian, batetik gehiago arrantzatu da, eta, bestetik, urrutirago joan ahal izan dugu arraina harrapatzera. Baliabide berriekin, apurka hemengo arrainarekin amaitu dugu eta egungo egoerara arte heldu gara». Alde horretatik, positiboki baloratzen du arrantza-bazterkinen gainean hartutako erabakia eta onurak ere ikusten dizkio:«Zapoa, bisigua, txitxarroa, atuna... dozena bat arrain kontsumitzera ohituta gaude, eta, azkenean, legatzak eta perlitak balio bera dute... Guri ‘zapoa kontsumitu behar duzu’ esan digute, baina berdela, adibidez, orain gutxi arte inork ez zuen nahi, bota egiten zen ez zelako saltzen. Eta orain preziatu modura saltzen dugu, jaten ikasi dugulako. Orduan, arrain-bazterkinak ekartzearekin batera saltzen ere saiatuko dira».
Kontsumoari dagokionean, kanpoko produktuen sarrerak ere tokikoari kalte egin diola uste du. Mutrikuarrak azaldu duenez, 80ko hamarkadara arte bertan arrantzatutakoa bertan kontsumitzen zen, «eta freskoa ez bazen kontserbarako erabiltzen genuen». Hamarkada hartan inportatze-esportatze enpresa asko sortu eta «hemengo arrainean sekulako beherakada eman da. Vietnametik datorren panga, Txinako tilapia eta Argentina edo Hegoafrikako legatza jaten ditugu eta gure arraina hor dabil, bueltaka». Egun, zenbait arrandegitan arraina nondik ekarria den edota arrain-haztegietakoa den ez dutela zehazten adierazi du, eta, beraz, maiz kontsumitzaileek «zer jaten duten ere» ez dakitela ziurtatu du. «Zenbait arrandegitan orain hasi dira ipintzen, baina eroslea ez da konturatzen. Lupiaren kasuan, adibidez, saltzen diren ia ale guztiak neurri paretsukoak dira, haztegietakoak direlako. Baina eroslea ez da konturatzen», argudiatu du.
Zentzu horretan, Ondarroa 12 miliatik arraina erosterako orduan zer arrain erosten den eta nongoa den aintzat hartzeko eskatzen dute, baita nola harrapatuta dagoen galdetzea ere:«Ez delako berdin arraina artisau-erara harrapatzea edo artearekin. Gutxika bada ere, kontsumitzaileengan kezka hauek sortu behar ditugu, zer jaten duten kontura daitezen». Arrain izoztuari dagokionean, faktore horiei «oraindik gutxiago» begiratzen zaiela azaldu du Belaustegik, eta, kasu horretan, arrainaren %90 kanpotik ekarria dela nabarmendu du.
Capbretongo zuloa
Egungo arrantzaren beste arazo nagusietako bat arraina harrapatzen den era eta unea ere badirela azaldu du plataformako kideak. Hala, egungo arrantza tresnak erabilita, sarea bota eta bi orduren buruan 120.000 kilo arrain harrapatzeko gai direla azaldu du, eta nabarmendu du arrantza-mota erasokor horrek ondorio lazgarriak ekar ditzakeela arrainak ugalketa garaian harrapatzen baditu. Eta, hain zuzen, hori da Capbretongo zuloan gertatzen dena.
Bizkaiko Golkoaren “ama” da Capbretongo zuloa, arrain asko bertara joaten dira ugaltze prozesua egitera, bertan elikagai eta korronte asko dagoelako eta sakonera handiko gunea delako. Udaberrian, bertan erruten dute hainbat espeziek (antxoa, berdela, txitxarroa, sardina...) eta «orduantxe harrapatzen ditugu, errute prozesua egiteke daukatenean. Kolpean 17.000 kilo berdel harrapatu dira ugalketa prozesua egin aurretik eta hori sekulako astakeria da. Denok gara kontziente berdela agudoegi harrapatzen ari garela, baita gehiegi harrapatzen dela ere. Eta badakigu arrantza hori bi-hiru hilabete atzeratzearekin gauzak asko hobetuko liratekeela ere. Baina, egungo erritmoan, arrainek duten ugaltzeko ahalmena baino gehiago harrapatzen dugu eta azkenean desagertu egingo dira. Eskerrak gutxi batzuk ihes egiten digutela –ziurtatu du–,horiek ugalduko ez balira segituan amaituko baikenuke espezie askorekin!».
Belaustegiren hitzetan, gainarrantza eredu honen atzean arrantzaleek soldata finkorik ez izatea eta lan-ordaina arrantzatzen den kopuruaren araberakoa izatea dago, eta, hain justu, sektoreak bizi duen errealitate horrek belaunaldi berriek «itsasorako gogorik ez izatea» ekarri omen du. «Itsasontzi asko saldu dira eta urte gutxi barru gehiago saldu beharko dira, zoritxarrez, ez dagoelako belaunaldi berririk. Lan gogorra da, soldata ez dago ziurtatuta, atseden gutxiko lanbidea da... Egun 1.800 arrantzale inguru daude eta flotaren ia erdia, %45 inguru, atzerritarrek osatzen dute, senegaldarrak eta hegoamerikarrak nagusiki. Azken 30 urteotan arraina harrapatzera bakarrik atera gara itsasora, beste ezer kontuan hartu gabe, eta egun horrek ez digu balio. Itsasoaren kudeaketa txarra egin dugulako zenbait espezierekin amaitu dugu, gizarteari kanpoko arraina, edozein arrain jaten erakutsi diogu eta gainera ez gara belaunaldi berririk sortzeko gai izan. Bere garaian –jarraitu du–, arrantza jarduera ekonomiko oso inportantea izan zen Euskal Herrian eta guk hilzorian utzi dugu. Nire ustez, arrantza filosofia goitik behera aldatu behar dugu».
Ondarroa 12 miliaren egitasmoa
Egoera honen aurrean, Ondarroa 12 miliako kideek Europako Parlamentuak egindako asmo-adierazpenak garrantzitsutzat jotzen dituzte, «zerbaiten hasera izan daitekeela ikusten dugulako». Hala ere, itsasoko ekosistemak eta arrantzak bizirautea nahi bada arrantza-politikek aldaketa sakonagoa behar dutela sinesten dute eta proposamen zehatzik ere egiten dute: kostaldetik gertuen dauden 12 miliak eremu babestu izenda ditzatela eskatzen dute, hartara arrainek ugalketa-prozesua «inolako oztoporik gabe» egitea bideratuko litzatekeelako eta «haztegi naturala izango litzatekeenez, itsasoa berriro ere arrainez beteko litzatekeelako». Gune horretan artisau-erako arrantza (amua, sare txikiak...) soilik egongo litzateke baimendua, aipatu ugalketa ziurtatzeko.
Oraingoz, eredu hori Bilbotik Hondarribira doan tartean ezartzeko eskaera egin dute, «baina Iberiar penintsula osoan ezarri beharko litzatekeela uste dugu eta Europan planteamendu hau egiteko ahaleginak ere egiten ari gara», argitu du Belaustegik.
«12 milia horietan Kabarka, Basamendi, Apo, Galdizur... hainbat kala daude eta orain 30 urte ehunka ontzik ateratzen zuten horietatik eguneroko arrantza. Bisigua, legatza, txitxarroa... harrapatu eta arratsaldean portuan saltzen zuten, han milaka kilo bisigu harrapatua naiz ni, eta, legatzak, esaterako, horietan egiten zuen ugalketa prozesua. 12 miliak babestuta, egun zapuztuta dauden gune horiek berreskuratuko liratekeela uste dugu», azpimarratu du.
Elkarteko ingurumen teknikariek eta biologoek ikerketak eginak badituzte ere, Belaustegik azaldu du Ondarroa 12 miliak azterketa ofiziala egiteko eskaera egin ziola itsas ikerketak egiten aditua den Azti fundazioari, «baina ez digute onartu, eurak beste maila batean aritzen omen dira-eta». Gasteizko Gobernura ere eraman dituzte euren aldarrikapenak, «baina hor ere kale. Aurreko Gobernuak planteamendua ondo ikusten zuen baina ez dio jarraipenik eman eta orain ikusiko dugu EAJkoak zer egiten duen».
Neurri horiek hartuta tokian tokiko jakiez elikatzea eta portuen biziberritzea bideratuko litzatekeela uste dute, baita belaunaldi berriengan arrantzarekiko interesa piztuko litzatekeela ere. «Orain inork ez du 10 egun arrantzara joan nahi, are gutxiago 100 egun... Belaunaldi berriek ez dute bide hori hartu nahi, baina, gune hau berreskuratu eta arraina sortuko balitz, agian eguneroko arrantza egiteko prest egongo lirateke».
Azken batean, plataformak denboran 50 urte atzera egin eta kostaldetik gertueneko 12 milietan orduko arrantza mota egiteko aukera jartzen du mahaigainean, gisa horretan soilik litzatekeelako posible behinola Euskal Herriko sektore indartsuenetakoa izan zen arrantzaren biziraupena.
«ARRAINA ORAIN 20 URTEKO PREZIOAN ARI GARA SALTZEN»
Iragan den urtean arrain kiloko batez besteko salneurria 1,14 eurokoa izan zen Ondarroako portuan. 2011n, 1,23 eurokoa, eta urte hartan arrantzatu ziren 14 milioi kiloen erdia 0,64 euroan saldu ziren. «Arrainaren prezioa orain 20-25 urtekoaren parekoa da eta hor arrantzaleok ez daukagu zereginik, arraina, ondasun publikoa izan beharko lukeena, pribatu gisa ikusten delako», azaldu du Ondarroa 12 milia plataformako kide Leo Belaustegik. Bere hitzetan, bi faktorek baldintzatu dute arrainaren salneurria bere horretan mantentzea:«Porturatzen den unetik, arrantzaleak ez dira arrainaren jabe. Eroslea, esportatzailea, kontserbagilea edo dena delakoa etortzen da, beste lauzpabostekin batzen da eta ‘arrain honengatik ez dugu 2 euro baino gehiago ordainduko’ esaten dute. Azkenean 1,5 euroan erosten dute eta arrantzaleari salneurria onartu besterik ez zaio geratzen. Halako jokoak egin izan dituzte eta arrantzaleak ez du hori aldatzeko ahalmenik». Bigarren faktorearen muina kanpotik datorren arraina da:«Konpetentzia egiten digu, batez ere ez garelako gure arrainari behar bezalako balioa emateko gai izan. Labelak ezartzeko saiakerak egon dira, baina egun legatz bat erostera supermerkatura joaten gara eta ez dakigu Argentinatik edo Namibiatik ekarritakoa den».
Belaustegiren hitzetan, arrainaren salneurria merkatuaren esku egoteak gainarrantzarako bideak zabaltzen ditu: gehiago saldu behar da soldata duina eskuratzeko. Horrek, noski, egoera kezkagarrian jartzen du arrantza:«Gure produkzioaren kostua, itsasora joatea, gasolioa... etengabe igotzen da eta harrapatzen dugun arrainaren jabe izan behar dugu. Nire ustez, falta zaiguna harrapaketatik kalera arte dagoen prozesua osorik egitea da». Besteren artean, arrainaren eta arrantzaren afera gizarteratzearen aldeko deia egiten du mutrikuarrak, eta, bestetik, ekimen sortzaile eta berritzaileak bultzatzen ditu: «Adibidez, berdela edo txitxarroa osorik saldu beharrean, xerratu, eta, prezio duin batean, jantoki publikoetarako, ikastetxeak edo ospitaleak adibidez, presta dezakegu. Horrekin, bertakoa kontsumitzea eta gure gizarteari jaten ematea, elikadura burujabetza, lortuko genuke».

No hay comentarios:

Publicar un comentario